XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1. OINARRI TEORIKOAK

Ezin gara hemen gehiegi luzatu, baina Oinarrizko currikulum delakoa eta honen inguruan izan diren hitzaldi, artikulu eta zenbait liburu ere kontutan izan ditugu gure lan honi heldu baino lehen.

Liburu bat aipatzekotan, César COLL-en Psicologia y curriculum aipatuko genuke, horretan laburbiltzen baitira erreforma honen oinarrian dauden ideia trinkoenak.

- Pertsonaren garapena gizartean gauzatzen da.

Gizarteak baditu bere patroi kulturalak eta horixe da ikasleak etengabe eta oharkabean ere jasotzen duena.

Kontzeptu, arrazoi, hizkuntza, ideologia, ohitura, balio, jarrera, mundu ikuskera oso bat jasotzen du ikasleak bere ingurutik.

Eskolak ezin dio horri muzin egin.

Horri heldu behar dio eta hortik abiatu, bere lana beteko badu.

Horrela izango da gizartean errotutako irakaskuntza.

- Gizartean txertatua bizi den gizaki hori hazten ari da.

Ez gorputzez soilik, adimenez ere bai.

15-16 urterako, PIAGETek bere teoria genetikoan operatorio formal deritzon mailan dago ikaslea.

Oraindik aurrera badu abstrakziorako ahalmenik eta, ondorioz, ikasgaietako eduki teorikoek pisu handiagoa har dezakete.

Lehen urteetan globalki ikusten eta ikasten zuena xehekiago eta atalka sakondu ahal izango du, bere oharpena eta adimena ere gero eta handiagoak baitira.

- Kulturak gizartearen esperientzia dakarkigu eta horren kontzeptu, trebetasun, balio eta arauak bereganatuz hazi da gizakia.

Eskolara baino lehen eta eskolatik at ikasitako gauza asko dago ikaslearen altxorrean, areago mundu mugikor eta aldakor honetan.

Horregatik, ikasleen mailara egokitu behar du edozein irakaslek, edozein metodologiak.

Bada urrezko arau bat esan nahi duguna laburtzen duena:

Dakitenetik abiatuz, ez dakitenera.

Atarikoak sailak ez du beste helbururik.

Zekitenetik abiatuz eta elkarrizketa sortuz, gai hori osatzera, akatsak zuzentzera, ikuspegi zabalago eta lotuago bat ematera dator, ondoren, gaia.

Bapatean, aurrez landu gabe, ematen den teoriak ikasleak interesik gabe harrapatzeko arriskua du.

- Ildo beretik jarraituz eta gehiago sakonduz, derragun lekuz kanpo dagoela honako eztabaida hau: zer da garrantzitsuago, edukin kontzeptualak ala prozedura?

Ez bata eta ez bestea.

Ikasketa berria ikaslearentzat esanguratsua izatea da gakoa; ikasleak lehendik dituen egituretara egokitua, alegia.

Adibide batez emateko, lehendik duen katemailari lotzeko (...).